XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Duintasunetik lotsa nabarmentzeraino, malkoak xukatzen hasi zen Pilar.

- Hor al duzu painueloa? Manuelek eskua patrikan sartu eta setazko musuzapi zuri, brodatu bat luzatu zion.

- Barkatu, Manuel... Sarritan pentsatzen dut ez zaitudala batere merezi...

- Tira, tira... Noizko dugu afaria?

Irrifarra nagusitu zitzaion Pilarren negar amaitu samartuari eta erreberentzia egin zuen aintzinako zerbitzarien modura eskua burutik belaunetaraino jaitsiz: -Espero complacerle, caballero.

Manuelek bizkar eman zion emaztearen zeremoniari.

Ordurarte atsegin izandako guztia gogaikarri bihurtzen hasia zitzaiola zirudien.

Ia mutilzahar ezagutu eta liluratu zuen, parlez vous français?, hainbeste eta gehiago zuen ikasia Manuelek itsasoko ibilaldiek hala behartuta, gatza eta liraintasuna estimatu omen zizkion Manuelek, klasea kontramaixuari behin aitortu zion bezala, eta bi haien coktail-a zoragarriari ezin izan zion ezkon bizitza guztian ezer ukatu, arrantzaldi bakoitzaren ondorengo erregali garestia, blusa frantsesak, zergatik probatu aurretik lepondoko etiketari begiratzen diozu beti?

Manuelek, Agadir inguruetan kanpaina luze batetik etxerantz erosi zion urre zuriko pultsera, me encanta el diseño Pilarrek, gero eta ezpainagoratzen ari zitzaion gaztelanian, Manuel ezagutu aurretik adiskide omen zuen pintoreari erositako koadroan jorratu zituzten berrogeitamar mila duro eta Pilarren esker ona: -Para cuando tengamos nuestro chalet eta salto Manuelen lepora, (...).